Azalean idatzita

 

Sentimenduak igotzen doaz
bihotzetik burura,
garunetik begietara
malko bat ez da hasiera
ez eta amaiera
dei batek asko esan nahi du
haren gabeziak gehiago
itxaropena tanttaka hustutzen
amore eman ezinik
ordularia beti zelatan
beste baten ohean etzanda
mina gordin azalean
amaiera baten zain
olerkiaren bukaerarekin
guztiaren azken puntua ?
idazteak ez du ezer egi bihurtzen

Besteen argazkiak aurrean
euren muxuak nere dardarra
nik ere argi printz bat nahi det
ez al dut merezi?
hiesi egin nahia
barnetik zein kanpotik
dana atzean utzita
bizi berri bat antzeman
benetan ni maiteko nauena aurkitu
ez besteren besoetan dagoena
ez besteren maindiretan
ez besteren laztanetan
lehen urruti, orain gutxi ez
ta beste bira bat sokari
bihotzaren soka mingarria
eztarrian lotuta

 

«Samurragoa da galerna
hondoratzera goazela irri egiten badugu»